Lankidetza eta elkartasuna: ULMA Packagingek eta Larraña Etxeak euren konpromisoa sendotu dute
Lankidetza eta elkartasuna: ULMA Packagingek eta Larraña Etxeak euren konpromisoa sendotu dute
ULMA Packagingek bere konpromiso soziala sendotu du Larraña Etxea proiektuan lagunduz. Larraña Etxea Oñatin dagoen harrera zentro bat da, eta Nazioarteko babesa eskatu dutenei laguntzen die. Elkarrizketa honetan, Unai Murgiondok, ULMA Packagingeko lehendakariak, egindako ekintzak zehaztu ditu, hala nola 2024an instalazioak hobetzeko jarritako dirua, eta 2025erako planak aurreratu ditu, erantzukizun sozialaren eta kooperatibaren laguntza lokalaren balioak nabarmenduta.
Zerk bultzatu zuen ULMA Packaging harrera zentroa kudeatzen duen elkartearekin lankidetzan aritzera, eta zer helburu planteatu ziren hasieratik?
ULMA Packagingen, lankidetza, erantzukizun soziala eta tokiko proiektuei laguntzea funtsezko oinarriak dira, eta kooperatiba gisa dugun nortasunaren parte dira. Gure erantzukizuna arlo industrialetik harago doala ulertzen dugu, eta gizartean ere eragin positiboa izan behar dugu, zaurgarritasun egoeran dauden kolektibo eta komunitateen garapen integrala bultzatzen duten ekimenen alde eginez.
Helburu hau kontuan hartuz, Zehar elkartearekin lan egiteko aukera sortu zitzaigun, beraien misioa eta lanaren inpaktuak txundituta utzi gintuen. Proiektuaren behar zehatzak aurkeztu zizkiguten, eta ez genuen zalantzarik izan: aurrerapauso bat eman genuen, bere helburuan modu esanguratsuan lagundu genezakeela sinetsita.
Azaltzerik bai zer den Larraña Etxea, zein den bere egitekoa eta zer zeregin duen asiloa behar duten pertsonen harreran?
Larraña Etxea lehen harrerako zentro bat da, Oñatin dago, eta Euskadin nazioarteko babesa eskatzen dutenei arreta eta laguntza ematen die. Proiektu hori behar objektibo bati erantzuteko sortu zen: beren lege egoera argitu zain dauden pertsona eta familia atzerritarrei babesleku duina emateko, kalean babesik gabe geratzea saihesteko.
Larraña Etxeak ibilitako urteetan aterpetxean artatzen dituzten pertsonen profila aldatu egin da. Gero eta familia gehiago iristen dira behar konplexuekin, eta horrek instalazioak eta zerbitzuak egokitzea eskatu du, pertsona horiek behar bezala artatzeko. Etengabeko erronka horrek ezinbestekoa egiten du gurea bezalako enpresa eta pertsona konprometituen lankidetza, erantzuteko gaitasuna hobetzen jarraitzeko.
Zertan da lankidetza hori berariaz, eta zeintzuk dira ULMA Packagingek zentroko pertsonei laguntzeko eman dituen baliabide edo egin dituen ekintza zehatzak?
Larraña Etxeari batez ere instalazioen baldintzak hobetzen laguntzen diogu, han bizi direnentzat ingurune duina eta abegikorra bermatzeko. 2024an, diru bat jarri genuen, eta diru horrekin atseden guneetan hobekuntza garrantzitsuak egin ahal izan ziren, bai eta gimnasio bat eta telebistaz hornitutako egongela bat egokitu ere. Hobekuntza horiek zentroan bizi direnen bizi kalitatea hobetzen laguntzeaz gain, ongizate fisiko eta emozionala sustatzen duten espazioak ere ematen dizkiete.
Badakigu beharrak etengabeak direla eta denborarekin eboluzionatu egiten direla, eta, hori jakinda, 2025erako bigarrenez beste diru kopuru bat jartzea planifikatzen ari gara, sukaldeko ekipamendua eta geletako instalazioak hobetzeko. Diru ekarpen berri horren helburua da zentroaren eguneroko lanak erraztea eta erabiltzaileei ingurune funtzional eta eraginkorragoa eskaintzea.
Epe luzerako konpromiso honek indartu egiten du Larraña Etxeari laguntzen jarraitzeko eta zentro hau aldi baterako etxe gisa hartzen duten pertsonen bizi kalitateari modu nabarian laguntzeko dugun asmoa.
Ekimen honen bidez zer aldaketa gertatzea espero duzue ekimenaren onuradunen bizitzan? eta nola ebaluatzen duzue ekimenak arrakastarik izan duen?
Helburu nagusia argia da: Larraña Etxean bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzea. Zentro hau ez da bakarrik bertan geratzeko leku bat, dena utzi behar izan dutenentzako etxea ere bada. Instalazioak hobetzeak pertsona horiei espazio erosoagoa, seguruagoa eta beroagoa eskaintzea esan nahi du, euren bizitzak berreraiki ahal izateko.
Duela hilabete batzuk zentrora bisita bat egin genuen eta gure lankidetzaren inpaktua bertatik bertara egiaztatu ahal izan genuen. Hobekuntza horien onuradun diren pertsonak ezagutu genituen eta haiekin batera instalazio berrituen txoko guztietatik ibili ginen. Haien esker ona entzutea eta ekintza horiekin beraien egunerokoa desberdin izatea lortzen dugula ikustea biziki hunkigarria izan zen. Horrekin guztiarekin, konbentzituago gaude horrelako ekimenekin onurak jasotzen dituztenei mesede egiten diegula eta, gainera, erakunde eta gizarte gisa aberasten garela.
Zure ikuspegitik, zeintzuk dira proiektu honen arrakasta eta bere eragin positiboa bermatzeko giltzarriak eta funtsezko faktoreak?
Horrelako proiektuen arrakasta horiek gidatzen eta bultzatzen dituzten pertsonengan datza. Zehar bezalako elkarteen atzean profesionalak eta boluntarioak daude eta haien jarrera, prestasuna eta konpromisoa funtsezkoak dira. Kasu honetan, bereziki nabarmendu nahi dugu lankidetza horiek posible egiten dituzten, ahaleginak lerrokatzen dituzten eta proiektu horiek ahalbidetzen dituzten pertsonen lan nekaezina.
Pertsona onuradunen errealitatearekin bat egiten duen helburu argia izatea. Gure babesak egunero haien bizitzan eragin zuzena duela jakiteak horrelako ekimenen alde egiten jarraitzera motibatzen gaitu. Helburu sendo bat, gestio konprometitu bat eta ikuspegi partekatu bat konbinatzeak ahalbidetzen du horrelako proiektuek funtzionatzea eta, horretaz aparte, errealitateak eraldatzea.