Jasangarritasun gizatiarrago baterantz: ULMA Packaging GUREAKekin elkarlanean ari da inklusioa sustatzeko

ULMA Packagingen aurrera jarraitzen dugu pauso irmoarekin pertsonengan benetako inpaktua sortuko duen jasangarritasunaren bila. Bide horretan, inklusioa eta aniztasunaren gestioa gure konpromiso sozialaren funtsezko zutabe gisa finkatzen dira.
Ikuspegi horren zati gisa, aniztasunaren arloan egun dugun egoeraren diagnostiko sakona egiten hasi gara. Tresna horri esker hobetzeko aukerak identifikatu eta erakunde kultura inklusiboago baterantz norabide argia marrazteko aukera izango dugu.
Azterketa hori egiteko, GUREAK gizarte ekonomiako enpresa taldearen laguntza dugu, desgaitasuna duten pertsonen laneratzean espezializatuta baitago. Barne elkarrizketen eta lankidetzazko lan saioen bidez, GUREAK laguntzan ari zaigu eremu horretan ditugun indarguneak eta garatu behar ditugun arloak sakonago ulertzen.
Prozesuaren barruan, martxoan bi bisita antolatu genituen haien instalazioetara, eta gure erakundeko 20 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten bisita horietan. Esperientzia hauek ULMA Packaging osatzen dugunon artean sentsibilizatzeko eta hausnarketa kolektibo bat sustatzeko diseinatuta daude.
Diagnostiko hau da 2025-2029 aldirako dugun Inklusio Planaren hasierako fasea, Gizarteratzearekin eta Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), bereziki 10. GJHrekin (Desberdintasunak murriztea) eta 8. GJHrekin (enplegu osoa lortzea pertsona guztientzat, baita desgaitasuna duten pertsonentzat ere) dugun konpromisoa indartzen duen bide orria.
Ematen dugun pauso bakoitzarekin, inklusioak helburu normatibo hutsa izateari utzi eta gure jasangarritasun estrategiaren DNAren parte bihurtu dadin lan egiten dugu. Izan ere, horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu pertsona guztientzako lan ingurune justuago, bidezkoago eta anitzago bat.